Hasiberrientzat errazagoa
Thunderbird 3.1 konfiguratzea are errazagoa da. Ezaugarri berrietako askok eguneroko erabilera ere asko erraztuko dizute.
Posta kontuak sortzeko laguntzailea
Ezaugarri hau asmatu aurretik zure IMAP, SMTP, SSL/TLS ezarpenak jakin behar zenituen. Orain sartu behar dituzun datu bakarrak zure izena, e-posta helbidea eta pasahitza dira, eta posta kontuak sortzeko laguntzaileak egingo du gainontzekoa datu basean zure konturako ezarpenak bilatuz.
Klik bakarreko helbide-liburua
Klik bakarreko helbide-liburua jendea zure helbide-liburura gehitzeko modu erraza eta bizkorra da. Gehitu jendea mezu bateko izar ikonoan klikatuz. Bi klikekin xehetasunak gehitu ditzakezu, adibidez argazki bat, urtebetetze-eguna, edo kontakturako informazio gehiago.
Eranskinen gogorarazlea
Eranskinen gogorarazle berriak eranskin hitza (edo beste zenbait, adibidez fitxategi-motak) bilatzen du mezuaren gorputzean eta mezua bidali aurretik eranskina gehitzeko eskatzen dizu.
Jarduera-kudeatzailea
Jarduera-kudeatzaileak Thunderbird eta zure posta hornitzailearen arteko hartueman guztiak gordetzen ditu leku bakarrean. Ez duzu galdezka aritu beharrik. Leku bakarrean begiratu besterik ez duzu zure postari gertatutako guztia jakiteko.
Fitxak eta bilatzailea
Thunderbird 3.1k zure posta esperientzia aldatuko du fitxadun postarekin, eta bilaketa tresna sorta berri batekin mezuak bizkorrago aurkitzeko.
Iragazte bizkorrerako tresna-barra
Iragazte bizkorrerako tresna-barra berriak posta bizkorrago iragazten lagunduko dizu. Hasi hitzak idazten iragazteko testu-eremuan eta emaitzak momentuan bistaratuko dira. Edo zure posta iragazteko modu desberdinak erabil ditzakezu: mezu berriak, etiketak, helbide-liburuko kontaktuenak. Iragazkiak gordetzeko aukera ere badaukazu, gero karpeta desberdinetan erabili ahal izateko.
Fitxak
Firefoxen fitxa bidezko nabigazioa gustoko baduzu, fitxadun posta maiteko duzu. Thunderbird 3.1ren fitxadun postari esker mezuak fitxa desberdinetan ireki ditzakezu hauen artean bizkor nabigatzeko. Baliteke mezu bati erantzuten aritzea eta mezu zahar bateko informazioa behar izatea. Fitxadun postari esker mezu ugari eduki ditzakezu irekita aldi berean.
Mezu batean klik bikoitza eginez edo sartu tekla sakatuz mezu hori fitxa berrian irekiko da. Mezu edo karpeta baten gainean eskumako botoiarekin klikatuz atzeko planoko fitxa berri batean irekiko da.
Thunderbird ixtean, begibistan zeuden fitxak gordeko dira eta berriro Thunderbird zabaltzen duzun hurrengo aldian berrireki. Fitxen menu berri bat ere aurkituko duzu fitxen tresna-barran, fitxen artean aukeratzeko.
Bilatzailea
Thunderbird 3.1ren bilaketa interfaze berriak iragazte eta denbora-lerro tresnak dakartza bila zenbiltzan mezu zehatza aurkitzen laguntzeko. Gainera, Thunderbird 3.1k zure mezu guztiak indexatzen ditu bilaketa are gehiago bizkortzeko. Zure bilaketen emaitzak fitxa berri batean azalduko dira, emaitzen eta postaren artean errazago nabigatzeko.
Mezuak artxibatzea
Etorkizunean mezu baten beharra izango duzula uste baduzu, baina sarrerako ontzitik kanpo utzi nahi baduzu, artxiba ezazu! Artxibatzeak zure sarrerako ontzia antolatzen lagunduko dizu karpeta sistema berri batean.
Artxibatu botoia klikatuz edo 'A' tekla sakatuz artxiba ditzakezu zure mezuak.
Pertsonalizatu zure posta esperientzia
Thunderbird malgua da, zure nortasunera egokituz, behar dituzun ezaugarriak eskainiz, eta zure lan egiteko modura moldatuz. Aldatu Thunderbirden itxura edo gehitu nahi adina ezaugarri.
Thunderbirden itxura
Personas erabili, "azal" arinak Thunderbirden itxura di-da batean aldatzeko. Ehundaka azal daude erabilgarri: azken filmak, paisaia ezagunak, tatuaia japoniarrak,... Thunderbird ikono desberdinekin janzten duten gai ugarien artean ere aukera dezakezu.
Karpeta adimentsuak
Karpeta adimentsuek posta kontu ugari aldi berean kudeatzen laguntzen dizute, Sarrera, Bidalitakoak edo Artxiboa karpeta bereziekin batera. Posta kontu bakoitzeko sarrera ontzira joan beharrean, sarrerako mezu guztiak ikusi ahalko dituzu Sarrera karpeta bakarrean.
Gehigarri-kudeatzailea
Bilatu eta instalatu gehigarriak zuzenean Thunderbirdetik. Ez duzu berriro gehigarrien webgunea bisitatu beharrik izango, soilik ireki gehigarri-kudeatzailea. Ez zaude ziur zein gehigarri den zuretzat egokiena? Bozkek, gomendioek, deskribapenek eta gehigarrien argazkiek lagunduko dizute aukera egiten.
Babestu zure posta
Thunderbirden segurtasun eta pribatutasun neurriek zure komunikazioak eta nortasuna babesten dituzte.
Baztertu zabor-posta
Thunderbirden zabor-postaren aurkako tresna ospetsuak eguneratu ditugu zaborra baztertzeko. Jasotzen duzun mezu bakoitzak Thunderbirden zaborraren aurkako punta-puntako iragazkiak iragan behar ditu. Mezuak zabor gisa markatzen dituzunero, Thunderbirdek "ikasi" egiten du, eta bere iragazte-sistema hobetzen, denbora benetan interesatzen zaizkizun mezuak irakurtzen pasa dezazun. Thunderbirdek zure posta hornitzailearen iragazkiak ere erabil ditzake sarrerako ontzitik zabor-mezuak kentzeko.
Pribatutasun sendoa
Thunderbird 3.1k erabiltzaileen pribatutasuna eta kanpoko irudien aurkako babesa eskaintzen du. Erabiltzaileen pribatutasuna babesteko, Thunderbird 3.1k automatikoki blokeatzen ditu mezuetan txertatutako kanpoko irudiak.
Iruzurren aurkako babesa
Thunderbirdek iruzurretatik babesten zaitu, erabiltzaileen informazio pertsonal eta konfidentziala eskuratu nahi duten mezuak jasotzean jakinarazpen bat erakutsiz. Bigarren babes gisa, Thunderbirdek ohartarazi egingo zaitu mezu bateko lotura baten klikatuz mezuan azaltzen den URLaren desberdina den batera bideratu nahi zaituztenean.
Eguneraketa automatikoak
Thunderbirden eguneraketa sistemak azken bertsioa darabilzun egiaztatzen du, eta segurtasun eguneraketa bat dagoen aldiko jakinarazten dizu. Segurtasun eguneraketa hauek txikiak izaten dira (normalean 200KB - 700KB), soilik beharrezkoa jaitsiz eta eguneraketa bizkor jaitsi eta instalatuz. Eguneraketa sistema automatikoak Thunderbirderako eguneraketak eskaintzen ditu Windows, Mac OS X eta Linux sistementzat eta 40 hizkuntza baino gehiagotan.
Kode irekikoa
Thunderbirden bihotzean kode irekiko garapen prozesu bat dago, mundu osoko milaka garatzaile esperientziadun eta segurtasunean adituk gidaturik. Gure irekitasunak eta adituen komunitate aktiboak ziurtatzen dute gure produktuak seguruago eta eguneratuago izatea, hirugarrengoen eskaneatze eta ebaluazio tresnez baliatzea ere ahalbidetuz, eta, azken batean, segurtasuna indartuz.
